Albisteak

  • Euskaraldia, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatu nahi dituen ekimen berritzailea da. Aurtengo edizioa, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da.
  • Pandemia dela eta, ekimen jendetsuak ekidin eta alternatiba ezberdinak baliatu behar izan dira ekintzak proiektatzeko, besteak beste: argazki kolektiboak, bertso sarea eta “Egunean behin” talde lehiaketa.
  • Plentziako Udalak, atzo arratsaldean, bere korporazioko partaide guztiekin Euskaraldiarekin bat egiteko argazki kolektiboa egin zuen. Irudi honen bitartez Euskaraldiaren dinamikari bere aldekotasun aktiboa adierazi eta herritarrak parte hartzera animatu nahi ditu.

2018ko abenduan egin zen lehenengo edizioaren arrakastaren ondoren, Plentziako bizilagunek hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera sustatu nahi dituen Euskaraldia ekimen berritzailean parte hartzeko aukera izango dute berriro ere.

Aurtengo edizioa, azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da, eta, honen baitan, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzeko aukera izango dute plentziatarrek. Izan ere, Uribe Kostako Euskaraldiarekin bat eginez, bultzada berezi bat eman nahi zaio euskararen erabilerari, eta helburu horrekin, hain zuzen ere, ekintza desberdinak antolatu dira. Halere, aurten egoera berezia dela eta, ekimen jendetsuak ekidin dira eta alternatiba ezberdinak baliatu behar izan dira Euskaraldiaren aldeko ekintzak proiektatzeko. Zentzu honetan, aurtengo helburua euskara kalera ateratzea eta digitalizatzea izan da. Kanpaina bai kalean, bai interneten ikusaraztea. Hala, Plentziako hainbat gunetan (metroko zubian, Plazatxoan, portuan…) Euskaraldiarekin bate egin eta honen aldeko jarrera baikorra izateko euskarri desberdinak ipini dira. Informazio puntuari dagokionez, Turismo Bulegoan kokatu da (ordutegia, asteartetik igandera, goizetan 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldetan 16:00etatik 18:00etara) eta bertan, kanpainako txapak egongo daude eskuragai, baita izen emateko aukera ere. Hala ere, arduradunek inskripzioa on line egitea gomendatzen dute.

“Aurten inoiz baino beharrezkoagoa da Euskaraldia, ez bakarrik hizkuntza politika bultzatzeko, baita gure gizarte nortasuna indartzeko eta adierazpen positibo bat helarazteko. Pandemiak ez du bakarrik ekonomia eta gizartea kolpatu, baita euskara ere. Azken hilabeteetan bere erabilera murriztu egin da, bai arlo kolektiboan zein pertsonalean, eta horregatik, aurtengo Euskaraldia inoiz baino garrantzitsuago dela uste dugu. Hala, herritarrei “Ahobizi” edota “Belarriprest” gisa jarduteko gonbitea luzatzen diegu, sentimendu baikor honekin bat egin dezaten”, adierazi dute Udaletik.

EGITARAUA

Alde batetik, Euskaraldiaren aldeko argazki kolektiboak egingo dira. Horretarako, Euskaraldia pankarta eta hitz borobilduak daude Turismo bulegoan eta Plentziako elkarteek, lagun taldeek eta erakundeek aukera izango dute euskarri horiek hartu eta beraien argazki publikoa egiteko. Argazkiak egin ondoren, uribekostaeuskaraldia@ni.eus  helbidera bidali beharko dira publiko egiteko. Zentzu horretan, aipatzekoa da Plentziako Udalak, atzo arratsaldean, bere korporazioko partaide guztiekin Euskaraldiarekin bat egiteko argazki kolektiboa egin zuela. Argazki honen bitartez, bere aldekotasun aktiboa adierazi nahi dio Euskaraldiaren dinamikari, eta bide batez, herritarrak gonbidatu eta animatu nahi ditu Euskaraldian izena eman eta bai “Ahobizi” edo “Belarriprest” perfilekin dinamika honetan parte hartzera. Izan ere, helburu nagusia euskaraz bizitzeko aukerak eta bideak zabaltzea da.

Bestalde, gure arbasoek egiten zuten antzera euskararen erabilera sustatzeko xedez, Uribe Kostako bertso sarea izeneko ekimena antolatu da. Bertso sarea osatzeko hasierako puntua asmatu behar da, ondoren grabatzeko eta erronka lagun bati bidaltzeko. Ostean, bertso osoa bueltan etorri eta Uribe Kostako Euskaraldiko kideei bidali beharko zaie. Bideoak jaso ahala, Facebook eta Instagramen argitaratuko dira ikusgai egon daitezen.

Azkenik, “Egunean behin talde lehiaketa” antolatu da, azaroaren 20an hasi eta abenduaren 4an amaituko dena. Bitarte horretan “Ukan euskaraz” taldean astero puntuazio handiena lortzen duenari sari berezi bat eskainiko zaio (2 pertsonentzako bazkaria edota afaria). Parte hartzeko “Egunean behin” aplikazioa jaitsi beharko da mugikorrean, “Taldeak” eta “Talde batean sartzeko” ikonoak sakatu eta 23D007 kodea, izena eta abizena sartu.

Kartelak (PDF 2.32MB)