Albisteak

 
  • Helburua da espazio bat sortzea Udalak eta bi sektoreetako eragileek elkarrekin lan egin dezaten tokiko garapen ekonomikoko estrategia bat sortzeko.
  • Eztabaida, gogoeta eta lanerako guneak izango dira, non herritarrek ere parte hartu ahal izango duten etorkizunean.
  • Udalak kaleratua du jadanik lan-mahaien eraketa arautzen duen dekretua.
  • Hemendik gutxira dei egingo zaie bi sektoreetako eragileei talde bakoitzaren lehen bilera egiteko.
  • Lan-mahaietan landuko diren gaietako batzuk dira: bezeroak leialtzeko kanpainak diseinatu, turismo sostengarriko eredu bat diseinatu, itsasadarra eta itsasoa elementu bertebratzaile gisa indartu, ekintzailetzari lagundu, e.a.

Merkataritza eta turismoa funtsezko sektoreak dira Plentziaren etorkizuneko garapen ekonomikorako. Gainera, biek oso zerbitzu garrantzitsua eskaintzen diete herritarrei, herriko eguneroko bizitza aberasten dute, bizitasuna ematen diete kaleei... Jakinik hori horrela dela, Plentziako Udalak, duela gutxi sortu den Ekonomi Garapen, Turismo, Merkataritza, Enplegu eta Landa Inguruneko zinegotzigotik, indar, dinamismo eta bultzada handiagoa eman nahi die bi sektore horiei, potentzial handikoak direlako eta potentzial hori sustatu beharra dagoelako.

Horregatik, Udala lanean ari da merkataritza eta turismo sektoreei bultzada bat emango dien lan-mahai bana eratzeko. Argitaratu da jadanik bi mahaien sorkuntza eta garapena arautzen duen dekretua. Mahai bien helburua izango da elkarlanerako gune bat sortzea, zeinetan Udalak eta bi sektore horietako eragileek elkarrekin landuko duten herrirako garapen ekonomikoko estrategia bat. Beraz, eztabaida, gogoeta eta lan egiteko guneak izango dira, zeintzuetan herritarrek ere parte hartu ahal izango duten etorkizunean.

Hala, Udalak eta merkataritza nahiz turismo sektoreetako eragileak elkarrekin ariko dira lanean sektorea dinamizatzeko, premiak identifikatzeko, indar-guneak bultzatzeko, Udalak nahiz saltokiek martxan jarri beharreko ekintzak definitzeko, helburuak bateratzeko…

Erronkak eta helburuak

Lan-mahaietan era askotako gaiak landuko dira, ugarituz joango direnak foroa sendotu ahala, mahaiok erakunde biziak izango baitira, eboluzionatzeko bokazioz sortuak. Halere, eta abiapuntu gisa, badira mahai bakoitzean landu beharreko gai garrantzitsu eta bertebratzaile batzuk. Esate baterako, merkataritzaren mahaian hizpide hartuko dituzte nola suspertu sektorea, nola diseinatu saltokiak dinamizatzeko eta kontsumoa leialtzeko kanpainak, nola jarri balioan hurbiltasunezko produktuak eta bertako artisautza…

Turismo mahaiari dagokionez, Plentziarako turismo jasangarriko estrategia berri bat diseinatuko du, zeinaren ardatz nagusia izango baita itsasoarekin, itsasadarrarekin, gastronomiarekin eta kulturarekin lotutako produktuak eta esperientziak garatzea. Lan-plan honen azken helburuetako batzuk dira ekitaldi turistikoak martxan jartzea, bisitariak (hala Bizkaikoak nola kanpokoak) erakartzeko uda sasoitik kanpo ere.

Mahaiotan orobat aztertuko da nola bultzatu ekintzailetza eta nola sortu enplegua sektore horietan.

Deialdia

Orain, behin dekretua argitaratu ondoren, Udala harremanetan jarriko da inplikatutako eragile guztiekin mahaien eratze prozesuko xehetasunak jakinarazteko eta deialdia egingo du talde bakoitzaren lehen lan-bilera egiteko (merkataritzakoa alde batetik eta turismokoa bestetik). Bilera horietan finkatuko da datozen lau urteetarako lan plan estrategikoa. Mahaiak hiru hilerik behin bilduko dira eta lan-metodo erregular eta fidagarri bat finkatuko dute emaitza hau lortzeko: Plentzia bat merkataritza, ostalaritza eta turismo sektore berritzaile eta indartsuak izango dituena, eta herriaren premietara egokituak

 Dekretua (PDF 265KB)