Albisteak

 
  • Hitzordua azaroaren 2 eta 3an izango da Goñi Portalen eta publiko orokorrari zuzendurik dago.
  • Arteta Musika Eskolak Plentziako Udalaren laguntzarekin antolatzen duen proposamenaren hirugarren edizioa da hau.
  • Aurtengo topaketan, tailerreko saioez gain, kontzertu solidario ireki bat egingo da hilaren 2an, Plentziako Maria Madalena elizan.
  • Plentzian erroldatutakoei prezio berezia egingo zaie tailerreko matrikulan.

Gospelaren intentsitatea eta edertasuna protagonista bilakatuko dira Plentzian azaroaren 2 eta 3an, genero musikal honen figura garaikide garrantzitsuenetakoa den Donald Lawrence estatubatuarrak emango duen tailer baten bidez. Arteta Musika Eskolak Plentziako Udalaren laguntzarekin antolatutako hitzordu hau Goñi Portalen egingo da, herriko kultur etxean.

Donald Lawrence gospel-musika konposatzailea, produktorea eta artista da. Grammy sari baten eta hamarretik gora Stellar sariren irabazlea, musikarekin lotutako lan desberdinetan aritu da: ahots entrenatzaile izan zen R&B En Vogue taldean, musika zuzendari Stephanie Mills-ekin, konposatzaile-lanetan aritu izan da The Clark Sisters taldearentzat eta maiz kolaboratzen du artista ezagun ugarirekin, hala nola, Peabo Bryson, Kirk Franklin, Karen Clark Sheard, Donnie McClurkin edota Mary J. Blige-rekin.

Tailer honetan parte-hartzaile gehiago ere izango dira, esaterako Carla Jane (Manchester) abeslaria eta gospel-abesbatza baten zuzendaria –zeina Plentzian izan baitzen 2017an, herrian antolatu zen lehenengo gospel tailerrean-, bai eta David Juarez piano-jolea, Charles Cooper (“Choop & JCB Trio Band) eta Arteta Musika Eskolako bi irakasle: Charles Cooper (ahotsa eta saxofoia) eta Aaron Lott (ahotsa eta pianoa).

Dagoeneko zabalik dago proposamen honen hirugarren edizioan matrikulatzeko epea, eta Plentzian erroldatutakoei prezio berezia egingo zaie. Tailerrerako plazak mugatuak dira.

Topaketa honen barruan doako gospel kontzertu ireki bat eskainiko da, hau da, kontzertua entzuteko EZ da beharrezkoa tailerrean matrikulatuta egotea. Kontzertu hori Plentziako Maria Madalena elizan izango da, azaroaren 2an, iluntzeko 20:30ean. Elkartasunezko kontzertua denez, bildutako dirua herriko Jangai elikagaien bankuari emango zaio.

GOSPEL TAILERRAREN EGITARAUA

Larunbata, azaroak 2

  • 10:00-14:00. GOSPEL TAILERRA DONALD LAWRENCE-ekin (Goñi Portal)
  • 16:30-19:30. GOSPEL TAILERRA CARLA JANE-ekin (Goñi Portal)
  • 20:30. ELKARTASUNEZKO KONTZERTUA (Plentziako Maria Madalena eliza)
  • 22:00. AFARI-MERIENDA TAILERREKO PARTE-HARTZAILEEKIN (Goñi Portal)

 

Igandea, azaroak 3

  • 10:30-14:00. TAILERRA DONALD LAWRWNCE-ekin (Goñi Portal)

Plazak mugatuak dira.

Prezioa: 80 euro.  Prezioak barne hartzen du: AZAROAK 2 ETA 3ko TAILERRAK + LARUNBAT GAUEKO AFARI-MERIENDA + EKITALDIKO BIDEOA IKUSTEKO AUKERA. Plentzian erroldatutakoei prezio berezia egingo zaie: 55 euro.

Aurreinskripzioa posta elektronikoz: secretaria.gospel.plentzia@gmail.com