Albisteak

 

Ekimen honekin Plentzia “Ocean Living Lab” sarean sartuko da, Europa mailako erreferentzia-gune bihurtzeko ingurumena, itsasoko bizitza eta itsasoari aplikatutako teknologia hobetzea helburu duten enpresa eta ikerlarientzat. Ekonomi Garapenerako Zinegotzigo sortu berriaren bitartez, Udalak formula berriak aplikatu nahi ditu udalerrian, itsasoa ardatz hartuz etorkizun berritzaile eta jasangarria lortzeko.

Hauexek izan ziren atzoko jardunaldian landutako hiru alderdi garrantzitsuenak:

  • Kantauri itsasoko bioaniztasuna berreskuratzeko konponbide eta produktuak.
  • Garbiketa- eta birziklapen-sistemak ibai, hondartza eta estuarioetan hondakin plastiko gehiegi ez pilatzeko.
  • Ekintzailetza eta enpresa-formula berritzaileak itsasoko bioaniztasuna errespetatzen duen turismo jasangarria bultzatzeko.

Bizkaia “Ocean Living Lab: Boot camp” ekitaldiaren bigarren edizioa ostatatzen ari da urriaren 28tik 31ra. Gaia eta Beaz erakundeek antolatu dute Ocean tech erakundearen eta Getxo, Plentzia nahiz Sopelako udalen laguntzarekin. Topaketa honen helburua da mugaz gaindiko lankidetza sustatzea itsasoaren eta irristatzeko kirolen sektoreetako startup-en artean.

Lau egunez, nazioarteko 9 startup-ek berrikuntza irekiko programa batean parte hartuko dute, non Getxo, Plentzia eta Sopelako udalek hiru ardatzen inguruan planteatutako erronkak gainditu beharko baitituzte: cleantech, kirola eta turismoa, eta uretako jardueren segurtasuna.

Horrekin batera, aukera izango dute bertatik bertara ezagutzeko Bizkaia eta Iparraldeko ekintzailetza-ekosistema, bertako erakundeek sustatzen dituzten estrategia eta laguntza-baliabideak, eta baita ere toki interesgarriak, hala nola Getxoko kirol portua, Plentziako itsas estazioa, Compositadour azeleragailua, Crusoe Treasure upategia edota Barinatxe eta Arrietara hondartzak.

“Ocean Living Lab” jardunaldiak Bizkaiko Foru Aldundiaren “Bizkaia Orekan” ekimenaren barruan antolatu dira, zeinaren helburua baita lurraldearen lehiakortasuna hobetzea bere aniztasuna kontuan hartuz. “Bizkaia Orekan” ekimenak 4 zonatan sailkatutako 12 eskualde bereizten ditu. Txorierrik, Mungialdeak, Eskuinaldeak eta Uribe Kostak osatzen duten Ipar zona izan da proiektu hau bultzatu duena.