Albisteak

 
Udalerriko ondarea zaindu eta babesteko konpromisoari eutsiz, eta udalerria garbi mantentzeko xedez, Plentziako Udalak Zubi Zurin kokatzen diren inprimatutako panelen garbiketari ekin dio. Bandalismoaren eraginak jaso zituzten hamar irudi baino gehiago, erabat estaltzen zituzten pintada eta graffitirik gabe ageri dira jada.  Aipatu beharra dago, zubiak, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako Plentzia zuri beltzean irudikatzen duten dozenaka argazki dituela.
 
Plentziako Udalak 3.000 euro inguru bideratu ditu 2010. urtean panelak instalatzeaz arduratu zen enpresa berdina kontratatzeko. Enpresa honek, kalteak jaso zituzten 16 tauletatik 10 aldatu eta irudi berriak ipini ditu. Eguraldiak laguntzen duen heinean, aste honetan zehar gainerako 6 taula inprimatuen konponketa lanak burutuko dira, garbiketarako produktu berezi bat aplikatu behar baita panelen gainazala kaltetu ez dadin.