Albisteak

 
  • Aurrekontua 5,23 milioi eurokoa izango da, iazkoarekin alderatuz %8,5eko gorakada suposatzen du.
  • Kontu berriek jasotzen dituzten ekimen edo proiektu garrantzitsuenen artean, Areatza kalea hobetzeko obrak, erdigunea auzoekin lotuko duen garraio zerbitzu berri bat abiaraztea, tokiko saltokiak indarberritzea, enplegu programak, elkarteen sarea babestea edota jaietan martxan ipinitako gaueko akonpainamendu zerbitzua mantentzea aurkitzen dira.
  • Udal Gobernua pozik agertu da, kontuen onarpenak egonkortasun ekonomiko zein instituzionala finkatuko dituelako, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko direlako eta plentziarren bizi‐kalitatea hobetuko delako.

Plentziako Udalak aurrekontu berriak izango ditu datorren urtean. Gobernu taldearen (EAJ‐PNV) aldeko 6 bozkekin eta EH Bilduren aurkako 4 botoekin, Plentziako Udalak 2020ko udal aurrekontuei hasierako onarpena eman die gaur goizean udaletxeko udalbatza aretoan ospatutako osoko bilkuran. Modu honetan, Udalak, iazko kontuak 2018tik izoztuta egon ostean, 5,23 milioi euroko aurrekontu berria izango du datorren urteko jarduerari begira. Onartutako azken aurrekontu kontsolidatuarekin alderatuz 500.000 euro gehiago izango ditu Udalak, hau da, %8,5eko gorakada dute gaur goizean onetsitako aurrekontuek.

Gobernu taldea pozik agertu da kontu berriak onartu ostean. Plentziarentzat albiste oso ona dela diote, egonkortasun instituzionala eta ekonomikoa ekarriko dituelako, eta hurrengo urteetarako ezarritako proiektu eta helburuak betetzea ahalbidetuko dutelako, betiere herritarren interes orokorraren alde jokatuz.

“Aurrekontu berrien onarpen honi esker, kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitu ahal izango dugu, gure herria eta herritarren ongizatea hobetzen jarraituko dugu, inor atzean utzi gabe. Aurrekontu arduratsua da, orekatua eta serioa. Udal Gobernuak zorroztasunez kudeatuko ditu kontuak, gastu eta inbertsioen kontrol sakona eginez. Aurrekontu hauek Plentziaren etorkizunari begiratzen diote, udalerria haziz joan dadin” adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak. Honez gain, Uribarrik azpimarratu du, 3 izango direla Gobernu taldearen lana gidatuko duten printzipioak: gastuaren arrazionalizazioa, ongizate estatuaren mantentzea eta espazio publikoaren hobetzea. “Zentzu honetan, apustu honek Areatza kalearen eraberritzea bezalako proiektuak martxan jartzea ahalbidetu digu”, esan du alkateak.

Udal Gobernuak, oposizioko taldeak aurkeztutako 32 zuzenketetatik 7 onartu ditu. 32 emendakinek 567.376 euroko balioa zuten eta Gobernu taldeak bere osotasunean onartutako 7 zuzenketak 240.622 eurotaraino iristen dira.

638.846 euro bideratuko dira inbertsioetara, %12,20 gehiago

Inbertsioei dagokienez, 2020ko udal kontuek %12,20ko gehikuntza aurreikusten dute 638.846 eurotara iritsiz. Zenbateko honen zati handi bat, Plentzia zeharkatu eta Gorlizeraino iristen den bide nagusienetariko bat, Areatza kalea hobetzeko lanak abiaraztera bideratuko dira. Beharrezko obra bat da, bi udalerrietako herritarrek eskatutakoa. Guneko segurtasuna hobetzeko helburuarekin, ibilbide hau egokitzeko eta konpontzeko lanek 604.000 euroko aurrekontua izango dute. Errepideko bidezorua hobetzeaz gain, espaloiak konponduko dira, argiteria publikoa berriztatuko da eta saneamendu sarean hobekuntzak egingo dira. Gogorarazi behar da, jarduera honek Gorlizko Udalarekin elkarlanean egingo dela. Plentziako Udala inbertsioen %72az arduratuko da eta Gorlizkoa beste %28az. Ekintza honek, proiektuaren idazketaz eta lanen zuzendaritzaz arduratu den Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren lankidetza ere badu. Datorren urteko kontuek jasotzen dituzten beste ekimen garrantzitsuenetariko bat erdigunea eta metro‐geltokia auzoekin lotuko dituen garraio zerbitzu publiko berri bat martxan jartzea da.

Tokiko ekonomiaren sustapena aurrekontu berriaren beste ardatz estrategikoetako bat izango da. Turismoa, saltoki txikiak bultzatzea edo Behargintzarekin elkarlanean enplegu programak abiaraztea oinarrizkoak izango dira gobernu planean. Apustu honen bitartez, Udalak 276.573 euroko inbertsioa egingo du.

Areatza kaleko berrikuntza integrala bezalako proiektu garrantzitsu bat egitea baldintzatzailea izan arren, Gobernu taldeak Gizarte Zerbitzuetako partida garrantzitsuak mantentzeko ahalegin handia egin du. Are gehiago, 80 urtetik gorako pertsonen etxebizitzetan ke‐detektagailuak ipintzeko proiektu indartsu bat abiaraztea aurreikusten da, kolektibo honen segurtasuna gehiago bermatzeko xedez.

Halaber, esfortzu nabarmena egin da elkarteei emandako dirulaguntzen zenbatekoa mantentzeko, ulertuz, beste behin, egiten duten lana Plentziarako ezinbestekoa dela. 63.500 euro zuzenduko dira kirol taldeentzako, 56.300 euro kultur taldeentzako, 34.700 euro kirol ekintzak burutzeko, 24.600 Gobernuz Kanpoko Erakundeentzako eta 102.367 euro jarduera soziokulturaletarako. Aurreko urteetako jarduera kultural potolo guztiak mantentzeaz gain, ume eta pertsona nagusiei zuzendutako ekintzak gehituko dira. Baliabide materialen eta eskaintza kulturalaren optimizazioa egungo Gobernu taldearen beste lan‐ildoetariko bat izango da. Hala, udal liburutegia, haurrei eta nerabeei zuzendutako liburuez osatuko da, orain arte ez baitute irakurketa eskaintzarik izan.

Bukatzeko, ekimenak izan zuen harrera onaren ondoren, udal Gobernuak San Antolin jaietan gauez etxera bueltatzeko laguntza zerbitzua mantenduko du. Gogorarazi behar da neurri hau etxera itzultzeko orduan seguru sentitzen ez diren 13 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dagoela eta edozein genero eta adinetara zabalik dagoela, baina bereziki emakumeei lagundu nahi zaiela indarkeria sexisten aurrean.