Albisteak

 

Plentzian ikusmen urritasunaren inguruko “Descubre la baja visión” erakusketa izango da otsailaren 17tik 28ra. Erakusketak ikusmen urritasuna duten pertsonen egunerokotasuna modu didaktikoan transmititzea eta herritarrak errealitate honen inguruan sentsibilizatzea du helburu.

Retina Bizkaia Begisare elkarteak antolatu eta Plentziako Udalaren laguntzarekin Goñi Portalen izango den erakusketa honetan, bisitariek irudien bidez ikusmen urritasuna zer den eta sintoma desberdinak ezagutuko dituzte. Erakusketa hamabi roll up eta Begisareren sentsibilizazio kanpaina osatzen duten animazio spotak emango dituen pantaila batekin osatuta dago. Eta mugikorrean deskarga daitekeen “Ikusmen urria dut” izeneko app batekin biribiltzen da.

Erakusketa hau Bilbotik atera eta Bizkaiko herri batean martxan jartzen den lehen aldia da. Inauguratu zenetik, Bizkaiko hiriburuko sei gizarte etxe, Bizkaia Aretoa eta Erriberako Merkatuko, Zabalguneko Merkatuko eta Zubiarte merkataritza zentroko erakusketa guneetan egon da ikusgai. Begisarek beste herri batzuk lekukoa hartzera eta Plentziako pausoak jarraitzera animatzen ditu, erakusketa didaktiko eta solidario hau euren kultur eta gizarte zentroetara eramatera animatuz.

Eta zer da ikusmen urritasuna?

Ikusmen urritasuna itsutasunera iritsi gabe bere ikusteko gaitasunean murrizketa garrantzitsu bat jasan duten pertsonek duten gaixotasuna da. Betaurrekoekin eta/edo kirurgiarekin zuzendu ezin den ikusmen gaitasunaren murrizketa da. Horrek esan nahi du pertsona hauek zailtasun eta eragozpen handiak dituztela eguneroko zeregin batzuk egiteko. Biztanleriaren %2k ikusmen urria du, hau da, Bizkaian 23.000 pertsona inguruk. Ikusmen urritasuna, intzidentzia handikoa izan arren, ezezagun handia da. Orain Plentzian ikusgai egongo den erakusketak bere ezagutza zabaltzea du helburu, bizi duten pertsonek, itsuak ez izan arren, eguneroko ohiko zereginak egitea zailtzen dizkieten ikusmen arazo larriak dituztela nabarmenduz. Oztopo hauei, gizartearen ulertu ezina gehitzen zaie, ez baitira errazak identifikatzeko: bere begiek ez ute inolako ezintasunik erakusten eta bere portaera gaizki interpreta daiteke.

Zabaldu beharreko marka berreizgarria

Horregatik, erakusketa honek, iruditzat begi berde handi, biribil eta ikusgarri bat duen “Ikusmen urria dut” marka bereizgarria zabaltzea ere bilatzen du, gainerakoek egoera honetan dauden pertsonak ezagutu eta identifikatzeko eta horrela, gizartean bere interakzioa errazagoa izateko asmatutako tresna baita.

Ikusmen urria duten pertsona guztiek ez dute berdin ikusten. Batzuek erdiko ikusmena galdu dute eta ezin dute irakurri edo aurpegirik ezagutu; beste batzuei, aldiz, bere ikus-eremua murriztu zaie eta erditik besterik ez dute ikusten, xehetasunak bereizten dituztelarik baina mugikortasun arazo handiei aurre egin behar diete bere ikus-eremutik kanpo geratzen diren gauza edo pertsonen kontra jotzen baitira.

Batzuek ez dute argi gutxirekin ikusten, beste batzuek irudiak partxeatuta ikusten dituzte, edo distortsionatuta, edo ez dituzte koloreak bereizten.