Albisteak

 

Espazio publikoak higiene eta desinfekzio egoera ezin hobean mantentzearen garrantziaz jabetuta eta koronabirusaren infekzio foku posibleak desagerrarazteko helburuarekin, Plentziako Udalak udalerriko bide publikoen garbiketa eta desinfekzio zerbitzuak indartu ditu, batez ere, jende gehien ibiltzen den eremuetan.

Duela egun batzuetatik, Udala lan handia ari da egiten herrian egon daitekeen birusaren arrasto oro ezabatzeko. Garbiketa zerbitzuko langileak, joan-etorri gehien dituzten guneak desinfektatzen ari dira, baita igogailu publikoa eta Astillero ingurua ere. Era berean, eremu kritikoenak garbitu dira makina bidez, ondoren udalerriko garbiketa orokor bat eginez urarekin. Makinekin egiten ari diren garbiketa lan horiek astean bitan egiten dira. Aipatzekoa da langileak osasun arloan baimendutako produktuak erabiltzen ari direla, agintari eskudunek ezarritako garbiketa prozedurak errespetatuz.

Udal gobernuak eskerrak ematen dizkie Plentziako herritarrei martxoaren 14an Estatuko Gobernuak alarma egoera ezarri zuenetik izan duten jarrera ulerkor eta jokabideagatik. Udalak guztion erantzukizunari dei egiten dio koronabirusa garaitzeko eta herritarrei osasun agintarien jarraibideak eta gomendioak betetzeko eskatzen die.