Albisteak

 

COVID-19k eragindako osasun-larrialdiaren eta alarmaegoeraren aurrean, Plentziako Udalak izaera ekonomikoko lehen neurriak hartu ditu: 2020ko aldian behingo zergen eta aldian behingoak ez diren zergen kobrantza, zerga arloko berraztertze errekurtsoak, hornitzaileei egin beharreko ordainketak, eta kultur eta kirol taldeentzako zein GKEentzako laguntzak eta dirulaguntzak.

Neurri horiek zehaztean kontuan hartu dira COVID-19aren ondoriozko presazko tributuneurriei buruzko martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako aurreikuspenak.

Aurrekoa oinarritzat hartuz, eta martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean eta maiatzaren 5eko 137/2020 Alkatetza Dekretuan xedatutakoa aplikatuz, honako neurri ekonomiko hauek onartu dira:

TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA
Zerga hau ordaintzeko epea 2020ko apirilaren 20an bukatu zen arren, 2020ko abuztuaren 31ra arte luzatuko da. Ondorioz, udalak ordainagiri berri bat bidaliko die etxera zerga ordaindu ez duten zergadun guztiei (zerga helbideratuta dutenei eta ez dutenei), adostutako epe-luzapenarekin.

IBIEN ERROLDA
Zerga-bilketarako borondatezko epea 2020ko urriaren 1etik azaroaren 2ra arte izango da.

BESTE ZERGA BATZUK
Martxoaren 14an bukatu gabe zeuden likidazioen borondatezko ordainketarako epeak, bai eta egun horren ostean hasi zirenak ere, 2020ko ekainaren 1era arte luzatuko dira.

GAINBALIOAK
Kontuan hartuta COVID-19aren ondoriozko presazko tributu-neurriei buruzko martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako aurreikuspenak, Bizkaiko Lurralde Historikoko tokiko erakundeetan ere aplikatu behar direnak, transmisioen aurkezpen-epea martxoaren 16tik aurrera amaitzen bada, epe hori ekainaren 1era arte luzatuko da. Aurrekoa gorabehera, posta elektronikoz edo Notarioen bitartez aurkezten ari diren deklarazioak ongi jasotzen ari dira.

ALTA BERRIEN ONDORIOZKO TMIZ-EN AUTOLIKIDAZIOAK
Nola zerga-prozedura hau ez den ofizioz hasten, ez zaizkio aplikatzen martxoaren 17ko 1/2020 FDAn jasotako aurreikuspenak; ondorioz, zergadunek posta elektronikoz edo telematikoki aurkezten dituzten eskaerak egoki atenditu eta ebatziko dira.

PADEL PISTA ERRESERBATZEAGATIK ORDAINDUTAKO ZENBATEKOAK ITZULI
Udalak itzuli egingo ditu alarma-egoeran hartutako padel-pistako erreserben zenbatekoak, interesdunak hala eskatzen badu eta ordainketa egiteko banku-kontuaren zenbaki bat adierazita.

PREMIAMENDU EPEETAKO ZORRAK
Kontuan harturik COVID-19aren ondoriozko presazko tributu-neurriei buruzko martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako aurreikuspenak, Bizkaiko Lurralde Historikoko tokiko erakundeetan ere aplikatu behar direnak, dagokien epean ordaindu ez diren zergengatiko premiamendu-probidentzien jakinarazpenak bertan behera geldituko dira ekainaren 1era arte, baldin eta borondatezko ordainketa epearen bukaera-data martxoaren 16tik ekainak 1era bitartekoa bada.

ZERGA ARLOKO BERRAZTERTZE ERREKURTSOAK
Kontuan harturik COVID-19aren ondoriozko presazko tributu-neurriei buruzko martxoaren 17ko 1/2020 Foru Dekretu Arauemailean jasotako aurreikuspenak, errekurtso bat ezartzeko 30 eguneko epea hasita bazegoen martxoaren 16an, epe hori bertan behera geldituko da ekainaren 1era arte. Egun horretan berriro hasiko da kontatzen martxoaren 16tik aurrera gelditzen zen epea.

Dagokion errekurtsoa jartzeko 30 eguneko epea ez bazegoen hasita martxoaren 16an, epe hori bertan behera geldituko da ekainaren 1era arte. Beraz, egun horretan hasiko da errekurtsoa jartzeko 30 eguneko epea.

KULTUR ETA KIROL TALDE ZEIN GKE-ENTZAKO DIRULAGUNTZAK ETA LAGUNTZA EKONOMIKOAK
Iragan apirilaren 24an amaitu zen 2020rako dirulaguntzak eskatzeko dokumentazio ofiziala aurkezteko epea. Elkarteek epe hori betetzerik izan ez dutenez, 2020ko ekainaren 30era arte luzatuko da. Aurkeztutako dokumentazioa egiaztatu ondoren, eta dena ondo badago, udalak dirulaguntzak eta laguntzak ordainduko ditu ahalik eta epe laburrenean eta, nolanahi ere, 2020ko uztailaren 31a baino lehen.

HORNITZAILEENTZAKO ORDAINKETAK
Ahalik eta gehien arintzeko pandemiak herritarrei eta udalari zerbitzuak ematen dizkioten enpresei egin dien kalte ekonomikoa (arreta berezia eskainiz enpresa txiki eta ertainei), eta bermatzeko enpresa horiek badutela likidezia, udalak maizago ordainduko ditu hornitzaileei tramitatutako aginduak, hain zuzen ere astero.

MERKATARI ETA OSTALARIENTZAKO LAGUNTZAK
Bestalde, udala neurriak aztertzen eta ezartzen ari da merkatari, ostalari eta turismo arloko langileei laguntzeko, eta, bide horretatik, herriko bizitza ekonomikoa suspertzeko.

 Iragarkia (PDF 161KB)