Albisteak

 
  • Erabaki horrek Karmengo zein Madalena eta San Antolin jaiei eragiten die. Era berean, San Kristobaleko jaiak (Gatzamine auzoko festak), Saratxagakoak, San Inazio jaietako ospakizunak eta San Nikolas jaia ere bertan behera geratu dira. Isuskitzako jaien antolatzaileek ere ez dituztela ospatuko iragarri dute.
  • COVID19k eragindako krisiaren testuinguruan osasun-agintariek ezarritako irizpideei jarraiki, Plentziako Udalak eta Plentziako Jai Batzordeak ekitaldi horiek eta ohiko Sanjuanada ez ospatzea erabaki dute.
  • Egoera soziosanitarioak ahalbidetzen badu, datak hurbildu ahala baloratuko da agintari eskudunek une bakoitzean ezarritako jarraibideak errespetatzen dituzten jaiak edo jarduerak antolatzeko aukera. Herritarren segurtasuna izango da beti erabateko lehentasuna.

Jende asko biltzen duten ekitaldiak egiteko debekua dela eta, eta COVID 19k eragindako krisiaren ondorioz osasun-agintariek ezarritako irizpideak eta aholkuak errespetatuz, Plentziako Udalak eta Plentziako Jai Batzordeak udako jaiak bertan behera uztea erabaki dute. Erabaki horrek eragin zuzena du herrian sustraitutako Karmengo zein Madalena eta San Antolin jaietan. San Kristobal (Gatzamine auzoa), Saratxagako jaiak, elizako plazan ospatzen diren San Inazio jaiak eta San Nikolas jaia (Barrenkale) ere ez dira ospatuko. Sanjuanada tradizionala ere bertan behera geratu da eta Isuskitzako jaien antolatzaileek ere albiste berbera iragarri dute, ez da egongo ospakizunik.

Udalak eta Batzordeak lankidetzan eta alternatibetan lan egiten jarraituko dutela adierazi dute, jaiak, nola edo hala, Plentziako kaleetan presente egon daitezen. Datak hurbildu ahala, egoera soziosanitarioak horretarako aukera ematen badu, eta betiere agintari eskudunek ezartzen dituzten irizpideak errespetatuz, jarduera edo jaialdiren bat antolatzeko aukera aztertuko da, bertaratu ahal diren pertsonen segurtasuna une oro bermatuz.

Udalak adierazi du zaila izan dela erabaki saihestezin hau hartzea. “Badakigu zein garrantzitsuak diren jai hauek, hain enblematikoak, gure nortasunaren adierazgarri direnak eta duten izaera parte-hartzaileagatik bereizten direnak. Hala ere, zentzuzkoena eta arduratsuena jaiak bertan behera uztea dela pentsatzen dugu. Erabaki gogorra baina zuzena dela uste dugu, denen segurtasuna bermatzeko ezinbestekoa”.

Plentziako Jai Batzordeak azpimarratu duenez, “orain lehentasuna pertsonak eta haien osasuna da”. “Koronabirusak sortutako egoera soziosanitarioa ikusita, arduraz jokatzeko unea dela uste dugu”, gaineratu dute. “Erabaki zuzena dela uste dugu, eta parerik gabeko jaien alde lan egiten jarraituko dugu” esan dute.