Albisteak

 
  • EAJ-PNVren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, Udalak argi berdea eman dio koronabirusak sortutako efektuei aurre egin dion planari. Plentziako ekonomia, turismoa, merkataritza, enplegua, nekazaritzako elikagaien eta artisautzaren jarduera suspertzea dira jasotzen diren premiazko 23 neurrien helburu nagusiak.
  • Neurri espezifikoen artean, 150.000 euro inbertituko dira Plentziako enpresei laguntza ekonomikoa emateko programa bat abian jartzeko, Covid-19ak beren jardueran izan duen eragina leuntzeko eta beren negozio-eredua egungo osasun eta segurtasun premietara egokitzeko.
  • Plana, Plentziako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkartearekin, Uribe-Kostako Behargintzarekin, Jata-Ondo Landa Garapen Elkartearekin eta Uribe Turismorekin lankidetzan egin da.

Gaur goizean egindako osoko bilkuran, Plentziako Udalak EAJ-PNVren aldeko 6 botoekin eta EH Bilduko 5 ordezkarien abstentzioarekin, udalerriko ekonomia suspertzeko plana onartu du. Horrela, Udalak 308.000 euro bideratuko ditu premiazko 23 neurri jasotzen dituen plana abiarazteko. Plentziako ekonomia, turismoa, merkataritza, enplegua eta nekazaritzako elikagaien eta artisauen jarduera suspertzea dira dokumentu berri honen helburu nagusiak.

Udal Gobernuak dio plan hau abian jartzea oso berri ona dela Plentziarentzat, nahiz eta Udalak finantza-ahalegin handia egin beharko duen. “Zenbateko ekonomikoa garrantzitsua da. Legegintzaldiaren hasieratik funtsezko helburua izan da Plentziako merkataritza eta turismoa suspertzea. Bi sektoreek kolpe gogorra jaso dute eta pandemia pizgarria izan da oraindik ere gure herrira bisitariak erakartzeko lan egiten duten denda txikiei eta enpresei eta profesionalei gehiago laguntzeko. Elkartasunean, lankidetzan, esfortzuan eta elkar ulertzean oinarritutako kudeaketarekin, lehenbailehen irtengo gara krisi honetik”, azpimarratu dute tokiko administraziotik.

Covid-19ak sortu duena bezalako ezohiko egoera batean, Plentziako Udalak presazko hainbat neurri hartu ditu, lehentasuna emanez beti herritarren osasun eta segurtasunari. Besteak beste, Ekonomi Garapeneko Zinegotzigoak enpresei zuzendutako zerbitzuak berrantolatu ditu arreta pertsonalizatuak eskaintzeko, eta apustu egin du herriko kontsumoa sustatzearen alde.

Aurre egiteko gure herriarentzat erabat berria den etapa bati eta 2020an izango dugun ingurune ekonomiko ziurgabe eta aldakorrari, Udalak, tokiko eta eskualdeko antolakundeekin batera, uste du funtsezkoa dela ekintza-plan bat martxan jartzea aurten, baliagarri izango dena Covid-19aren ondorioak arintzeko sektore ekonomiko desberdinetan eta tokiko kontsumoa suspertzeko, betiere kontsumitzaileen segurtasuna eta osasuna bermatuz zerbitzu guztietan. Hauek dira planaren helburu nagusiak:

  • Pandemiak kolpatutako negozioen ixtiera saihestea.
  • Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak higiene eta segurtasun neurri berrietara egokitzea.
  • Bizkaiko eta inguruko lurraldeetako bisitariak erakartzea.
  • Plentziarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatu.
  • Enplegua lortzen lagundu Covid-19ak kolpatutako pertsonei.
  • Herriko produktuen eta produktu artisauen salmenta berraktibatu horretarako atondutako lekuetan.

5 ardatz: garapen ekonomikoa, turismoa, merkataritza, enplegua eta landa eremua

Plana 5 ardatz edo arlotan antolatu da. Garapen Ekonomikoa izango litzateke lehena, 180.000 euroko zuzkidurarekin, jarraian Merkataritza, 56.000 eurorekin; Turismoa, 29.000 eurorekin; Enplegua, 22.000 eurorekin eta Landa Eremua, 21.700 eurorekin.

Arlo hauetako bakoitzean jasotako neurri zehatzenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:

  • Garapen Ekonomikoan: 150.000 euro, Plentziako enpresentzako dirulaguntza programa bat abian jartzeko, Covid-19ak bere jardueran duen eragina arintzeko eta bere negozio-eredua egungo segurtasun- eta osasun-beharretara egokitzeko. Era berean, aholkularitza eta laguntza-zerbitzu bat (15.000 euro) eta ekintzaileei eta proiektu berritzaileei laguntzeko programa bat (15.000 euro) eskaintzen ari dira jada.
  • Merkataritzan: Plentziako Merkatari, Ostalari eta Zerbitzu Elkartearekin akordioa (5.000 euro), tokiko kontsumorako kanpaina (25.000 euro), tasak eta zergak berrikustea, merkatal zonaldeen aktibatzea (14.000 euro) eta merkataritza eta ostalaritza-lokal berriak irekitzeko laguntzak (12.000 euro).
  • Turismoan: Turismo jasangarriko plan bat egitea (5.000 euro). Plentzia covidfree bisitak eta produktuak egokitu eta sortzea (5.000 euro), turismoa sustatzeko kanpaina (12.000 euro) eta Barrika eta Gorlizekin batera turismo jarduerak lantzeko akordioa (7.000 euro).
  • Enpleguan: PLENTZIA LAN abian jartzea: on line enplegu plataforma (2.000 euro), langabezian dauden pertsonentzako laguntzako programa (5.000 euro), coaching eta prestakuntza eskaintza pertsonalizatua (5.000 euro) eta autoenplegurako laguntza ekonomikoak (10.000 euro).
  • Landa Eremuan: PLENTZIAKO MERKATUA aktibatzea. Araudia garatzea eta ekipamendu eta espazioak egokitzea (12.000 euro), nekazaritza elikagai eta artisautzaren inguruko azoka ekitaldiak eta bestelako ekintzak (5.700 euro) eta Plentziako ekintza enoturistikoa bultzatzea (4.000 euro).

Plan honetan jasotzen diren neurri guztiak Plentziako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzu Elkartearekin, Behargintza Uribe-Kostarekin, Jata-Ondo Landa Garapen Elkartearekin eta Uribe Turismorekin Elkarlanean adostu dira.

Dokumentu honen bidez, Plentziako Udalak administrazio desberdinek iragarritako laguntzak osatzen ditu, COVID-19ak eragindako osasun-larrialdiaren ondorioz udalerrian sortu diren beharrizan sozio-ekonomiko guztien estaldura ahalik eta zabalena bermatuz.