Albisteak

 

Plentziako Udalak 150.000 euro bideratuko ditu udalerrian establezimenduak dituzten ETEentzako, MIKROETEentzako eta pertsona autonomoentzako laguntza-programa martxan jartzeko, COVIDak 2020an sortutako egoeraren aurrean Plentziako ekonomia suspertzeko asmoarekin. Azken lau hilabeteetan, norbere konturako langile eta enpresa askok eten egin behar izan dute euren merkataritza establezimenduaren jarduera. Beste kasu batzuetan, nahiz eta establezimenduak irekita mantendu dituzten, jarduera-maila ohikoa baino askoz txikiagoa izan da itxialdiko neurrien ondorioz.

Hala, Plentziako Udalak uste du laguntza eman behar zaiela euren jarduera derrigorrez eten behar izan duten kolektiboei edo gutxiago fakturatu dutenei, jarduera murrizteak edo eteteak eragin duen inpaktu ekonomikoa arintzeko. Laguntza programa, Covid- 19aren inpakturari aurre egiteko onartu den Ekonomia Suspertzeko Neurrien Planaren barruan kokatzen da. Ekomi Garapen, Turismo, Merkataritza, Enplegu eta Landa Ingurune zinegotzigoak proposatua da eta Osoko Bilurak 2020ko ekainaren 3ko saioan onartua.

“Pandemiak kolpatutako negozioen ixtea saihesteaz gain, establezimenduen berrirekitzea erraztu nahi dugu, gure negozioei lagundu nahi diegu beren zerbitzuak segurtasun- eta higiene-neurri berrietara egokitzen eta tokiko enplegua suspertzen”, azpimarratu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Deialdi honetako laguntzen onuradunek hurrengo baldintzak bete beharko dituzte:

  • Publikoari irekitako gutxienez merkataritza-establezimendu bat izatea Plentzian. Merkataritza-establezimenduak ezin du egon etxebizitza batean.
  • Eskaera bakarra aurkeztu ahal izango da merkataritza-establezimendu bakoitzeko.
  • Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan xedatutako lokal eta establezimenduen jendaurreko irekiera eteteak eragina izatea garatzen duten jardueran, edo itxialdian zehar garatutako jarduera-maila ohikoa baino txikiagoa izatea.
  • Zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak beteta izatea.
  • Plentziako Udalarekin zorrik ez izatea.
  • Plentziako Udalak emandako dirulaguntza guzti-guztiak justifikatuta izatea.
  • Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duen administrazio-zehapenik edo zehapen penalik ez izatea, ez eta halakoak eskuratzeko ezgaitzen duen legezko galarazpenik.

Establezimenduak Covid-19agatik jasan dituen ondorioei buruz eginiko balorazio teknikoaren arabera, laguntzak 1.000 eta 3.000 euro bitartekoak izango dira. Diruz lagunduko ahal izango diren ekintzak hurrengoak izango dira:

  • Fakturazioan izandako galerak, Covid-19aren ondoriozko alarma-egoeran jarduera eteteagatik edo murrizteagatik.
  • Establezimenduak jarduera etenda egon den bitartean izandako gastuak.
  • Langileen murrizketak, eta establezimenduetako langileak berriz laneratzeko kostuak.
  • Eskaintzen diren zerbitzu eta produktuak segurtasun- eta higiene-neurri berrietara egokitzeko gastu eta inbertsioak.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, bihartik hasita (uztailaren 15a, asteazkena). Hau da, abuztuaren 13ra arte egongo da irekita (egun hori barne). Eskaerak presentzialki aurkeztu daitezke, Plentziako Udaletxeko HAZko erregistroan, nahiz telematikoki,www.plentzia.eus webguneko tramiteen atalean, “Dirulaguntza, beka, sari eta laguntzak” aukeran.

Gogoratu beharra dago Plentzian merkataritzako establezimendu bat duten 300 enpresa daudela, zeintzuek 705 enplegu zuzen sortzen baitituzte, batez beste 2,5 langile establezimendu bakoitzeko. Sektoreka, enpresa horien %36 merkataritza eta ostalaritza sektorekoak dira, %21 jarduera profesionaletakoak, %12,3 osasun eta hezkuntza zerbitzuetakoak, %12 beste jarduera mota batzuetakoak eta %11 eraikuntzakoak.

150.000 euroko zenbateko hori Plentziako Udalak joan den ekainaren 3an onartutako 308.000 euroko partidaren parte da, Covid-19aren ondorioei aurre egiteko asmoz udalerria berraktibatzeko plana abian jartzeko. Plentziako ekonomia, turismoa, merkataritza, enplegua eta nekazaritzako elikagaien eta artisauen jarduera suspertzeko premiazko 23 neurri biltzen dituen plana da.

Aurkeztu beharreko dokumentazioari, bateragarritasunari, diru-laguntzak emateko edo eskaerak ebaluatzeko prozedurei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, interesa duten pertsonek hurrengo estekan kontsultatu ahal dituzte oinarriak bere osotasunean: https://www.bizkaia.eus/lehendakaritza/Bao_bob/2020/07/14/II-2274_eus.pdf

Oinarriak (PDF 778KB)