Albisteak

 

Urte hau beste guztiak bezalakoa balitz, Plentzian honezkero ilusioz beterik eta koadrozko zapia lepoan jantzita egongo ginateke ongi etorria egiteko Madalentxu, Madalentxu Txiki, Antolintxu eta Antolintxu Txikiri. Baina aurtengoa ez da beste urte batzuk bezalakoa. COVID-19aren urtea da.

Geratu beharra daukagu pandemia hau. Horregatik, Plentziako Udala osatzen dugun bi alderdi politikook (EAJ-PNV Plentzia eta EH Bildu Plentzia) herritar guztioi gogorazi nahi dizuegu AURTEN EZ DIRELA OSPATUKO SAN ANTOLIN JAIAK. Testuinguru honetan, herritar guztiei eskatzen dizuegu arduraz jokatzeko eta ez egiteko jai giroko inolako talde-ekitaldirik, ez publikorik ez pribaturik. Eginahalean saiatu behar dugu lokaletan eta kalean ez pilatzen, aukerarik ez emateko COVID- 19ari gure herrian zabaltzeko. AURTEN EZ DAGO JAIRIK. Gogoratu Covid-19ak Euskal Herrian eta mundu osoan kutsatu eta hil dituen guztiak. Geure burua eta ingurukoak zaintzeko garaia da. Pandemia honen aurrean HERRI ELKARTU bezala jokatzeko garaia da.

Badakigu gogorra dela plentziar guztiontzat hain bereziak diren egun hauei uko egitea. Baina ez dago beste aukerarik, datorren urtean txupinazoa are ozenago entzun nahi badugu. Eta trainera honetan denok batera egin behar dugu boga: herritarrek, Udalak, Jaietako Batzordeak, ostalaritzak, kuadrillek, saltokiek, klubek, elkarteek…

Etorriko dira garai hobeak. Antolintxu eta Madalentxu etorriko dira berriro ere Plentziara itsasadarrean gora. Suzko zezenek berriro argituko dituzte gure jaiak eta herri osoa arituko da buru-belarri historiako play-back onenak antolatzen. Baina aurten ez dago ez jairik, ez zapirik, ez alkandora urdinik, ez kuadrillen kamisetarik… Ez diegu uko egiten gure jaiei. Baina baldintza hauetan ezin da ospatu jairik. Orain lehentasuna da segurtasuna eta osasuna bermatzea gure zahar eta umeei, gure herritar guztiei. Hori bai: indarrak batzen ari gara datorren urteko jaiak gogoangarriak izan daitezen.

EUTSI GOGOR ETA ESKERRIK ASKO, PLENTZIA!!!

EAJ-PNV PLENTZIA / EH BILDU PLENTZIA

Komunikatua (PDF 77KB)