Albisteak

 

“Ondarea eta hezkuntza”. Horixe da, hain zuzen ere, Europako Kontseiluak eta Europar Batasunak urtero sustatzen dituzten eta gure lurraldean Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondareari buruzko Europako Jardunaldien aurtengo gaia. Gai ezin hobea da Butroeko Plasentia Museoak antzinako Plentziako Itsas Eskolaren inguruko xehetasunak ezagutzera emateko. 1933 arte martxan egon zen Eskola hau Plentziako Marinelen Kofradiak sustatu zuen eta garrantzi handia izan zuen XVIII. mendean.

Gauzak horrela, urrian zehar Jardunaldi hauetaz gozatzeko xedez Butroeko Plasentia Museora hurbiltzen direnek, “Plentziako itsasketa hezkuntza eta itsas ondarea” aldi baterako erakusketan murgiltzeko doako bisita gidatuetan parte hartzeko aukera izango dute. Ibilbide honek itsasketaren jakintza zaharra eta bere eboluzioa berraurkitzea du helburu.

Plentziak badu itsas bokazio ukaezina, mendez mende biztanleen eta itsasoaren artean izandako harremanaren emaitza dena. Zerbaitegatik izan zen bertoko nautika eskola Bizkaiko garrantzitsuenetako bat, behintzat, XVIII. mendetik aurrera. Gaur egun, Butroeko Plasentia Museoak Plentziaren historiarekin, oro har, eta itsasketarekin, bereziki, lotutako hainbat objektu (maketak, botozko opariak, argazkiak, tresnak...) berreskuratu eta ikusgai jarri ditu. Bisita gidatuak urrian egingo dira museoaren ordutegiaren barruan, zehazki, asteazken eta ostegunetan (11:00-14:00) eta ostiral eta larunbatetan (11:00-14:00 eta 17:00-20:00).

Jardunek 20 minutuko iraupena izango dute, euskaraz zein erdararaz egiteko aukera egongo da eta leku kopurua mugatua izango da (gehienez 6 pertsona, 3 pisu bakoitzeko), beraz, parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena 94 677 37 25 telefonora deituz edota contacto@museoplentzia.org helbidera idatziz.

Ondarearen Europako Jardunaldien 20 urte Bizkaian

Aurten, Ondarearen Europako Jardunaldien 20 urte egingo ditu Bizkaiak. Kultura Ondareari buruzko asmo handiko sentsibilizazio-programa bat da, Europako Kontseiluak Europar Batasunarekin lankide jardunik sustatua. Europa mailan ibilbide luzea duen ekimenak aurrekaririk gabeko arrakasta lortu du, gaur egun 50 estatuk parte hartzen baitute bertan.

Bizkaian, Foru Aldundiak koordinatzen du kanpaina, 70 udalerri baino gehiagoren eta kulturaren arloko ehun erakunde eta elkarte ingururen laguntzarekin. Urrian zehar ateak zabalik izango dituen jarduera bat da, eta jendeak bere ondarearekin eta historiarekin lotutako baliabide ugari ikusteko eta ezagutzeko aukera izango du. Edizio bakoitzak gai espezifiko bat du, antolatzaile guztientzat baterakoa eta proposamen guztien hari gidaria izango dena. Horri esker, koherentzia handia ematen zaio ekitaldien programa orokorrari, baina, gainera, eta batez ere, oso jarduera landu eta berezien diseinua sustatzen du, urtez urte. Aurtengo gaia “Ondarea eta hezkuntza” da.