Albisteak

 
  •  Plentziak 100 lokal komertzial eta turistiko baino gehiago ditu; eta, beraz, udalerriko establezimenduen %50ak baino gehiagok jasoko dituzte diru-laguntzak.
  • Laguntza-programa honen bidez, Udalak, alde batetik, udalerriko herritarrak beren jarduerak murriztu edo eteteagatik jasaten ari diren eragin ekonomikoa arindu nahi du eta bestetik, tokiko enplegua suspertzen lagundu.

Datozen egunetan, Plentziako Udalak 49.500 euro bideratuko ditu guztira, prestazioa eskatu duten, laguntza-deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta hiribilduan establezimenduak dituzten ETE, MIKRO-ETE eta pertsona autonomoentzat.

Guztira, 53 eskaera jaso dira, eta horietatik 42 onartu dira, eta beste 11, berriz, dokumentazioa zuzentzeko prozesuan daude; izan ere, kasu batzuetan ez baita osorik aurkeztu. Plentziak 100 lokal komertzial eta turistiko baino gehiago ditu; eta, beraz, udalerriko establezimenduen %50ak baino gehiagok jasoko dituzte laguntzak. Emandako laguntzen zenbatekoei dagokienez, 1.000 eta 3.000 euro bitartekoak dira, establezimenduaren eragin-egoeraren balorazio teknikoaren arabera.

Uztailaren erdialdean jarri zuen martxan Udalak laguntza-deialdi hau, Plentziako ekonomia suspertzeko asmoz, koronabirusak 2020an sortutako egoeraren aurrean. "Azken asteetan lanpetuta ibili gara gai honekin. Eskaera guztiak xehetasunez aztertu ditugu. Pozik gaude lortutako emaitzarekin, baina lanean jarraituko dugu. Laguntzak ez dira inoiz nahikoak izango Plentziako merkataritza- eta turismo-sektoreetan pandemiaren ondorioak arintzeko; hala ere, Udalak ezinbestekotzat jotzen du enpresei laguntza eskaintzea, kontuan hartuta 4.400 biztanleko udalerri baten aurrekontu-ahalmena. Beraien ondoan egongo gara aurrerantzean ere", gogoratu du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.

Bestalde, Iñaki Saenz de la Fuente Ekonomia Garapen, Turismo, Merkataritza, Enplegu, Landa Ingurune eta Euskarako zinegotziak azpimarratu duenez, "Udalak 150.000 euro jarri ditu Plentziako enpresa-sarearen esku, merkataritza establezimenduei laguntzak emateko, martxotik ekainera bitarteko aldiari aurre egiteko. Hala ere, Covid-19aren eraginak udalerriko ekonomian eta enpresetan oraindik ere presente daude; beraz, gainerako 100.000 euroak datozen hilabeteetan Plentziako turismoari, merkataritzari eta zerbitzuei laguntza gehiago eskaintzeko deialdi berriak egin ahal izango ditugunaren bermea dira”. Uda itxaropentsu hasi zen Plentziako turismoaren eta merkataritzaren sektorearentzat; hala ere, berragerraldiek eta udazkeneko denboraldiaren hasierak eragina izan dezakete enpresen ekonomian, eta, hori dela eta, Udalak ez du baztertzen laguntza horien bigarren deialdia egitea, Covid-19ak udazken-negu honetako ekonomian eragingo dituen ondorioak arintzeko.

150.000 euroko zenbatekoa Plentziako Udalak joan den ekainaren 3an Covid-19aren ondorioen aurrean udalerria suspertzeko plana abian jartzeko onartu zuen 308.000 euroko partidaren zati bat da. Plentziako ekonomia, turismoa, merkataritza, enplegua eta nekazaritzako elikagaien eta artisauen jarduera suspertzeko premiazko 23 neurri biltzen dituen plana.

Halaber, Saenz de la Fuentek Plentzia Garatzen programa balioan jarri du. Aholkularitza- eta laguntza-zerbitzu hori apirilean jarri zen abian, eta udalerriko enpresei laguntza zuzena eta espezializatua ematen jarraitzen du, erakunde publikoek koronabirusaren ondorioak direla eta abian jarritako laguntzen eta diru-laguntzen onuradun izan daitezen. Orain arte, 30 enpresa baino gehiagok erabili dute zerbitzu hori.

Gogoan izan behar da agintaldi honetan gobernu-talde berriak Ekonomia Garapeneko zinegotzigoa sortzearen aldeko apustua egin duela. Izan ere, aurten egindako jarduera honekin eta beste batzuekin, are indar handiagoz erakusten baitute udalerri txikiek ere lan egin behar dutela enpresa-sarea sustatzeko eta garatzeko.